XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hainbeste aldatu naiz ala? galdetu zuen emakumeak, eta gizonak ezetz arrapostu, eta gezurra bazen ere, ez zen erabateko gezurra, zeren irribarre arin hura (halako irriki eternalerako gaitasuna begiramenez eta moderapenez adierazten zuena) hara iristen baitzen urte askotako urruntasunetik, ezertan aldatu gabe eta gizonarengan nahastea sortuz.

Hain nabarmenki gogorarazten zion emakume horren aspaldiko itxura non ahaleginak egin behar izan baitzituen une horretan zen bezalaxe ikusteko: ia-ia emakume zaharra zen jada.

Galdetu zion nora zihoan eta zer egiteko zuen, eta emakumeak erantzun zion aferaren bat konpontzen ibili zela eta handik aurrera eginbehar bakarra zuela: arratsean Prahara bueltan eramango zuen trenari itxoitea.

Gizonak elkar aurkitzean hartutako poza erakutsi zuen, eta (arrazoi osoz) hango bi kafetxeak gainezka eta zikinak zirelako ustean bat etorri zirenez, handik urruti ez zegoen bere pisuan kafea edatera gonbidatu zuen.

Azken finean, bertan kafea, tea eta batez ere garbitasuna eta lasaitasuna aurkituko zituzten.

Emakumearen eguna txarra izana zen hasiera-hasieratik.

Senarra (hogeitamar urte zirela, ezkonberritan, hiri hartan bizi izan ziren aldi batez, gero Prahara aldatu eta han, hamar urte zirela, hil egin zen gizona), testamentuaren desira bitxi bategatik, hiritxo hartako hilerrian ehortzi zuten.

Emazteak orduan hobia hamar urtetarako ordaindu zuen (...).